Erratzu

Herri eder eta lasai honek 650 biztanle inguru ditu erdigune eta auzoa ezberdinetan banatuak: Iñerbegi, Iñarbil eta Gorostapolo. Zenbait jauregi mantentzen dira oraindik ere: Iriartea (antzinako aduana), Apeztegia, Etxenikea eta Etxebeltzea.

BESTAK ETA OSPAKIZUNAK

Erratzuko bestak ekainaren 29an ospatzen dira, San Pedroetan.

Erratzuko inauteriak hasten dira errauste asteazken aurreko azken igandean, horregatik ez dute egun finkorik, urtero aldatzen baita. Inauteriek hiru egun irauten dute. Aitzina, herriko gazteek lau etxezain izendatzen zituzten, bi mutil eta bi neska. Haiek urteko ospakizun guztiak antolatzen zituzten, inauteriak, bestak, feriak eta abar. Inauteriko lehen egunean, mutil guztiak abiatzen ziren zuriz jantzita, koloretako zinta bat poltsikoaren joskeran, tuturru batean bildutako lastozko kapela buruan eta eltzagorra jotzen, Gorostapalo auzotik Iñarbil auzora etxez etxe, txistor, odolki, arrautza eta diru eske. Baserri batean neskaren bat bazen, itzelezko zarata egiten zuten eltzagorrekin eta neskak korrika leihora ateratzen ziren. Baserriaren atarira ailegatzen zirenean mutilek jota bat dantzatzen zuten. Eta horrela ibiltzen ziren egun osoan. Eskuratutako janaria astearteko afarirako gordetzen zuten. Astelehenean mutil guztiek berriro gauza bera egiten zuten, baina beste auzo batean, Azkarate auzoan, hain zuzen ere. Eta inauteriko azken egunean, asteartean, gazteek itzelezko besta antolatzen zuten: afaria, dantza eta guzti. Lau etxezainek ere parte hartzen zuten. Etxezaina garrantzi handiko pertsona zen herrian. Berak deitzen zien beste gazteei edozein besta antolatzeko, Baztandarren Biltzarrean orga apainduak prestatzeko, herriko bestak antolatzeko eta abarretarako. Hala, San Pedro egunean, herriko festetan neska etxezain batek beste mutil etxezain bat gonbidatzen zuen afaltzera etxean, eta horren truke, lau mutil etxezainek Elizondoko ferietan bazkaltzera gonbidatzen zituzten neska etxezainak.

XORROXIN UR-JAUZIA

Xorroxin ur-jauzi bat da da, Gorostapalo auzoan dagoena, Iñarbegi errekaren ibilbidean; erreka hau Baztan edo Bidasoa ibaiaren iturburuetako bat da. 25 metroko jauzia du.